Nortzuk Gara

Teknikariok gara, EAEko ikuskizun, ekitaldi eta arte eszenikoetako langileek sortutako asanblada bidezko sindikatua. Beltzez jantzi eta friso artean desagertarazi gaituen sektoreko langileak gara: Rigger-ak, sastreak, bideoa, erregiduria, iluminadoreak, muntatzaileak, laguntzaileak, sonidistak, produktoreak…
Gure helburu nagusia sektorearen erregulazioa da, lan eskubide ezarekin zein prekarietatearekin amaitzeko. Uste dugu honetarako tresna enpresa kontratatzaileekin hitzarmen kolektiboa negoziatzea dela, eta hau kolektibo bezala egin behar dugu, batasuna eta ahots propioa inoiz baino garrantzitsuagoak izanik.
Gure lana nolakoa den ezagutarazi nahi dugu. Behin-behinekotasuna, ezorduko ordutegiak, lanaldi amaigabeak, askotan bainugelarik eta aldagelarik gabe, segurtasun-neurri eta perimetrorik ez, lanaldi artean atsedenik gabe, lana eta familia bateratzeko ezintasunarekin eta erregulazio ezaren ondorioz gure gain hartu ditugun hamaika baldintza onartezin, horrela prekarietatea errotuz.
Orain arte banatuta eta langileon estatutua betetzen ez zuten lan baldintzak onartuz egin dugu aurrera, ikuskizuna gure lan eskubideen aurretik lehenetsiz. Hau iraultzeko unea da.

Teknikariok-en funtzionamendua honakoa da;

  • Sindikatuaren erabakiak afiliatuen artean hartzen dira; botere guztia asanbladak dauka eta hortik aurrera lantalde koordinatuak sortzen dira.
  • Gizarteari gure gremioaren berezitasunak, eskaerak eta beharrak ezagutarazteko lan egiten dugu.
  • Alderdi politiko, ekonomiko edo presio-taldeekiko independenteak gara.
  • Sindikatu feminista gara, eta modu aktiboan bultzatzen dugu berdintasuna, bai sindikatuan, bai sindikatutik kanpo.
  • Afiliatu bakoitza erabakietan parte aktiboa izatea nahi dugu, bakoitzak nahi/ahal duen beste inplikatuz.
  • Elkarte sindikal bat sortzea erabaki dugu, gure burua ordezkatzeko, gure erritmoa markatzeko eta geure tresna propioekin defendatzeko.
Teknikariok gara.
Bagara eta bagaude.